spacer   
Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
spacer
  spacer   spacer   spacer   spacer  
spacer spacer spacer spacer spacer

spacer spacer spacer
spacer spacer spacer
spacer

Etxepare Euskal Institutua: lehenengo 2 urtetako balantzea

spacer
spacer
 
spacer

2010eko ekainaren 4an, Eusko Jaurlaritzak Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko lehen zuzendari izendatu zuen. "Erakundea sortzea, barne eta kanpoan egonkortzea, garatzea eta zabaltzea" izan dira, zuzendariaren arabera, bi urteotako helburu nagusiak, "ikuspegi zabal eta plural batetik abiatuta". Pozik agertu zen atzo (2012-6-6) prentsaurrekoan lanaren emaitzarekin: "Herri baten kultura zabaltzea herri hori ezagutzera emateko giltza da; kultura erreferentziek herri baten maila ematen dute. Norabide argi bat markatu dugu eta horri eutsi diogu, hori izan da gure indarra".

Institutuak munduan oso harrera ona jaso duela dio Aizpea Goenagak: "Bidean ate asko jo ditugu eta gehienak zabaldu zaizkigu; euskal kulturaren sektore guztien babesa ere jaso dugu". Komunikabideei ere esker ona adierazi nahi izan die, "gure lana, gure hizkuntza eta gure artisten berri jendeari helarazten konplizitate handia sentitu dugulako". Eusko Jaurlaritzaren zenbait ordezkaritzen lankidetza ere goraipatu du, bereziki Brusela, New York eta Mexikoko delegazioena.

Orain arte egindako bidean, unibertsitatearen alorra indartzen, euskal sortzaile eta eragileen beharrei erantzuten eta euskal kulturaren industria babesten ahalegina egin dutela azpimarratu du zuzendariak."Ditugun baliabideak erabilita eta elkarlana sustatuz bete dugu behar hori". Izan ere, horixe izan da, egitasmoa sendotzeko topatu duten eragozpen handiena: baliabiderik ezak alor guztietan sortu duen ezintasuna, "horrelako egitasmo handi bat asetzeko oso azpiegitura xumea eta aurrekontu txikia dugu". Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Mari Jose Olaziregiren hitzetan, gainera, "askoz ere baliabide gutxiago izanda ere, Etxeparek bere tankerako beste Institutuek baino alor gehiago hartzen ditu bere gain". Hala ere horrek ere badu, bere ustetan, bere abantaila: "Ez dugu azpiegitura handirik elikatu behar, eta bizitasun eta mugikortasun handiagoa ematen dizkigu horrek".

Elkarlana eta baliabideen optimizazioa arau bihurtu dira Institutuarentzat bi urteotan: itunak eta elkarlana sustatu dira, eta bidaietaz zein harremanetaz urrats berriak emateko baliatu da. "Erritmo gogorrean lan egiten eta malgutasunez erantzuten" egin duten bidea, "ekintzek markatu duten norabidea, baina beti hausnarketa baten ondorioz", adierazi du Olaziregik.

Bi urte eta gero, Etxepare Euskal Institutuak haztea eta zabaldu dituen bideak mantendu eta indartzea izan behar du helburu, Aizpea Goenagaran aburuz. "Oinez hasi gara, hitz batzuk esaten ikasi dugu... baina orain hegan egin behar dugu".

Administrazio-egitura sortu eta abian jarri behar izan zuen zuzendariak lehenik, kargua hartu berritan: egoitza egokitu eta hornitu, baliabideak eta lan taldea sortu. 2010eko urrian behin-behineko langileak hasi ziren beharrean, eta, azaroan, Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria hautatzeko deialdiko esleipena egin zen, Mari Jose Olaziregi EHUko irakasleak lortu zuelarik lanpostua.

Aizpea Goenagak esker ona adierazi nahi izan die gaur egun Institutuan ez dauden Maider Etxebeste eta Mikel Lasari, erakundearen hastapenetan egin zuten "ezinbesteko lanagatik".

Lehen hilabeteetan Institutuaren martxa ahalbidetuko zuten prozedura eta araudi administratibo guztiak ere martxan jarri ziren.

Egoeraren diagnosia ere egin zen: inguruaren analisia, helburuak ezartzea, norabide eta lehentasunak markatzea, estrategiak eta jarduera-ildoak diseinatzea eta hedapenerako mapa egitea. Ondorioz, bi jomuga ezarri ziren: Institutua barrutik eta kanpotik finkatzea eta euskal kultura eta hizkuntza kanpoan zabaltzeko erreferentzia bilakatzea.

I. Institutua barrutik eta kanpotik finkatzea

Barne antolamenduari dagokionez, 2011. urtean Institutuko Enplegu Eskaintza Publikoaren deialdia egin eta gero, 2012ko urtarrilean osatu zen azkenik behin betiko lan taldea, bi zuzendariez gain 8 langilek osatzen dutena.

Euskara eta euskal kultura irakurletza eta katedra programak izan dira, bestalde, gure hizkuntza eta kulturarekiko nazioarte mailako ezagutza eta prestigioa sustatzeko Institutuaren jarduera nagusietakoak.

2010etik 2012ra bitartean Etxepare Euskal Institutuak aurretik zegoen irakurletza sarea sendotu eta osatu egin du, munduko punta-puntako unibertsitate ezberdinetan euskal ikasketak har ditzaten hitzarmenak sinatuz.

Azken bi urtetan 15 unibertsitate berri gehitu dira: Stanford University (Estatu Batuak), University of California - Santa Barbara (Estatu Batuak), University of Chicago (Estatu Batuak), University of Liverpool (Erresuma Batua), Adam Mickiewitz University (Polonia), Universitt Konstanz (Alemania), Universit de la Sorbonne Nouvelle - Paris III (Frantzia), Universidad de Alcal (Espainia), University of Szeged (Hungaria), Etvs Lornd University (Hungaria), Universit Ca' Foscari di Venezia (Italia), Alma Mater Studiorum Unversit di Bologna (Italia), Leipzig Universitt (Alemania), Universit de Pau et des Pays de LAdour (Frantzia) eta University of Illinois (Estatu Batuak).

Hala, 2012-2013 ikasturtean euskal irakurleen sarea gutxienez 15 herrialdetako 39 unibertsitatetara zabalduko da, eta 2011-2012 ikasturtean 32 unibertsitatetan izan den 1.703 ikasleren kopurua aise gaindituko da.

Irakasleen hautaketa prozesuak, haien formakuntza - Excellence in Basque Studies EHUko Udako Ikastaroaren bi edizio, esaterako- eta haien lanaren -eskolak eta kultur jarduerak- jarraipena ere bere gain hartu ditu Institutuak urteotan.

Bi urteotan, irakurleek 200 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte; horietako asko garrantzi handiko ekimenak izan dira, esaterako: University of California Santa Barbarako Ama Hizkuntzei buruzko Biltzarra (AEB), Larry Trask hitzaldia Birminghameko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Iberian Week Liverpooleko Unibertsitatean (Erresuma Batua), DNI Basjjiskie Poznaniako Unibertsitatean (Polonia), Brnoko Euskal Astea (Txekiar Errepublika), Iberiar Ikasketak Foroa Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) edo Gerra zibilak eta memoriaren politikak jardunaldiak UPTER Unibertsitatean (Italia).

Gainera, Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturaren gaineko 3 katedra sortu ditu munduan. Horietako bi, Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea dute xede, eta Institutuak produzitutako inaugurazio-programa handi banarekin zabaldu ziren:

  • Bernardo Atxaga Katedra - New Yorkeko CUNY Unibertsitatean, (2011ko iraila)
  • Koldo Mitxelena Katedra - Chicagoko Unibertsitatean (2012ko martxoa)

Eta datorren ikasturtetik aurrera euskal artearen inguruko ikasketak sustatuko dituen beste katedra bat irekiko da:

  • Eduardo Chillida Katedra - Frankfurteko Goethe Unibertsitatean (2012)

Unibertsitateetan gure hizkuntza eta kultura zabaltzeaz gain, gure kultur eragile eta sortzaileek bere lana munduan zehar zabaltzeko askok eta askok bidea egin badute ere haiei laguntzea, egiten dutena haratago eramatea, indartzea eta bide hau egin nahi dutenei ateak zabaltzea da Institutuaren zeregina.


Sortzaile eta eragileekin harremana

Etxepare Euskal Institutuarentzat ezinbestekoa da euskal sortzaile eta eragileekin harreman estua eta zuzena izatea, euskararen eta kultur sorkuntzaren nazioarteko sustapena haien beharrekin uztartzeko asmoz. Hala, 2010etik 2011ra bitartean 300 bilera baino gehiago mantendu zituen Institutuak sektore ezberdinekin. 2012an, lan-taldeak sortu dira sektore ezberdinekin -musika, antzerkia, ikusentzunezkoak, arte plastikoak, literatura eta dantza-, Institutuaren helburuak eta lan-ildoak elkarrekin finkatzeko.

Landu diren gai nagusien artean: euskal kulturaren marka sortzea, katalogoak sortzea, nazioarteko programatzaileak ekartzea, aholkularitza eskaintzea, lehentasunezko lurralde eta merkatuak finkatzea, sortzaile eta sorkuntza trukaketak sustatzea, azoka eta jaialdi estrategikoetara joatea edota arlo ezberdinen arteko zubi eta enbaxadore lanak egitea. Guzti honek eragin zuzena du sortzaileengan, egileengan eta baita kultura industriarengan ere.


Hitzarmenak

Institutuaren asmoa da erakunde, unibertsitate eta kultur eragile ezberdinekin elkarlanean jardutea, horrela lana garatu eta bere helburuak erdietsi ahal izateko. Xede horrekin, 22 lankidetzarako hitzarmen izenpetu ditu Institutuak, honako erakundeekin: Instituto Cervantes, Institut Ramn Llul, Euskaltzaindia, Euskal Kultur Erakundea, Bienale di Venecia, EHU (3 hitzarmen), AECID, Euskadiko Filmategia, EITB, Euskal PEN Kluba, EIZIE, EIKEN, Literature Accross Frontiers, Donostia Sustapena, Oficina Cultural de la Embajada Espaola en Mxico, Asociacin de Artistas, Intrpretes o Ejecutantes, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bartzelonako Euskal Etxea, Festival de Msica Antiga dels Pirineus, Libourneko FestArts Jaialdia.

Mari Jose Olaziregik atzo azaldu duen modura, "hitzarmen horiek guztiek jarduera jakin bat izan dute ondorio: ez dira protokolozko sinatze hutsak izan, baizik eta ekintza zehatzak abian jartzeko helburuarekin egin diren akordioak".

II. Euskal kultura eta hizkuntza kanpoan zabaltzeko erreferentzia bilakatzea

Diru-laguntzak Institutuak bere gain hartu ditu euskal kultura kanpoan sustatzeko eta hedatzeko diru-laguntzetarako deialdiak. 2011. urtera arte, deialdia horiek ordura arte banatzen ziren baldintzen arabera argitaratu ziren. 2012. urtean, berriz, moldaketak egin dira deialdietan, egile eta eragileengandik jasotako iradokizunak kontuan hartuz.

Institutuak banatzen dituen laguntzak:

  • Euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzeko laguntzak.

    Modalitateak: musika, arte eszenikoak, literatura, arte plastiko eta ikusizkoak.

  • Euskara eta euskal kultura kanpoan sustatzeko jarduera berezietarako laguntzak.
  • Azoka profesionaletan parte hartzeko laguntzak.
  • Literatura-itzulpengintzarako laguntzak

Datu batzuk ematearren, 2011. urtean soilik euskal egileen 83 proiektu babestu zituen Etxeparek kanpoan sustatzeko laguntzen bidez. Jarduera berezietako laguntzetan, mundu osoan burutu ziren 23 egitasmo diruz lagundu zituen. 55 enpresa munduko azoka profesionaletan izan ziren laguntzei esker. (Itzulpengintzarako laguntzak 2012. urtean hartu ditu Institutuak).


Kultur ekintzak

Euskal kulturaren sustapena eta hedapena areagotzeko bidean, Institutuak 20tik gora produkzio eta koprodukzio abian jarri ditu, munduko kulturgune estrategikoetan.

Nabarmenenak aipatzearren: 2011n Bilbon eta 2012an Madrilen eskainitako AT! ikuskizuna -Etxepare Euskal Institutuaren aurkezpena-, Euskarari gorazarre jardunaldiak eta Euskarari Omenaldia Real Academia Espaolan, Madrilen, (Etxepare / Euskaltzaindia / RSBAP), Gerra eta Bakea: Kimuak Polonian -zine emanaldiak-, Euskal Kultura eta Gatazka politikoa sinposioa Konstantzako Unibertsitatean (Italia), La Espaa Plural jardunaldiak Bolonian (Italia), Musika eta poesia bira Polonian, Euskal Talentu eta Kulturaren Ziklo Europarraren bi edizio Bruselan (Belgika), euskal zinea Berlinalen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzioa Foroa Donostiako Zinemaldiarekin batera.

Horrez gain, bi urteotan Institutuak euskal egileen 80 kultur jarduera baino gehiago babestu ditu mundu osoan, euskal presentzia bermatzeko asmoz eta Etxepare Euskal Institutuaren marka finkatu eta zabaltzeko asmoz.

Lan berezia ere egin du Institutuak euskal kultura puntako jaialdietan egon dadin: 15 nazioarteko jaialdi izan dira horren lekuko, horien artean New Delhiko Jazz Jaialdia, Berlinale, Txileko Chilemonos Jaialdia eta La Habanako Zinemaldia.

Areago, hainbat zine jaialditan Euskal leihoa izeneko sail berezia sortzea ere lortu du Institutuak: Nanteseko Zinemaldia (Frantzia), Chicago Latino Film Festival (AEB), Brussels Short Film Festival (Belgika) eta Different! Jaialdian, Parisen (Frantzia). Antzerki jaialdietan ere Euskadi, herrialde gonbidatu gisa hartuko dute aurten Libourneko Kale Antzerki Jaialdian (Frantzia), eta beste hainbat jaialdita euskal presentzia areagotzea lortu da, Valladolideko TAC-en, esate baterako.

Musika mailan ere Euskadi herrialde gonbidatu izendatu dute 2012. urtean Festival de Msica Antiga dels Pirineus jaialdian; bestalde, Etxeparek Artistas en Ruta (AIE) programaren hautaketa prozesuan parte hartzen du, euskal artisten presentzia bermatuz.

Horrez gain euskal kulturaren ordezkaritza lanak etengabe egiten ditu Etxepare Euskal Institutuak, hainbat ekimen sustatu eta lagunduz, berriki Tolosa - Donostia 2016ko mundu mailako kongresua hartzeko hautagaitzaren defentsan parte-hartzea, esaterako.


Azokak

Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko lehen mailako 17 azoketara eraman ditu euskara hizkuntza eta euskal ekoizpenak.

Hizkuntza feriei dagokienez, London Language Show (Erresuma Batua), Expolingua Berlin (Alemania) eta Expolangues Paris (Frantzia) azoketan izan da euskara, Institutuaren eskutik. Euskal literatura Liburu Azoka garrantzitsuenetara eraman du: Frankfurt (Alemania), Guadalajara (Mexiko), Liber (Madril), Bolonia (Italia), Abu Dhabi (Arabiar Emirerri Batuak ) eta London (Erresuma batua). Ikus-entzunezkoen industriaren topaleku diren MIPTV - Cannes (Frantzia), Sunny Side of the Dock (Frantzia) eta Guadalajarako Jaialdian (Mexiko) izan dira euskal produkzio audiobisualak, Eiken eta Etxepareren ahaleginari esker. Musikan, Cannesko Babel Med Musika Azokan (Frantzia) eta Womex, Munduko Musiken Azokan izan da, Euskadiko Soinuak programarekin batera. Eta antzerki arloan Tarregako Firan eta Valladolideko TAC-en, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan.


Argitalpenak

2012. urte amaieran Etxepareren 22 argitalpen kalean izango dira.

2011. urtean 26 euskal idazleren testuak AT! ikuskizunerako biltzen dituen izenburu bereko liburua kaleratu zuen Institutuak. 2012. urtean, edizio hirueleduna kaleratu da (euskara, gaztelania eta ingelesa).

Basque Audiovisual 2012 katalogoa ere argitara eman du Etxeparek 2012an, EIKEN Klusterrarekin batera. Eta Bilbao Arte Ederretako Museoarekin lankidetzan, Basque Artists Guide gida plazartu du, ingelesez.

Euskal Sortzaileak saila, hau ere hirueleduna, Bernardo Atxagaren Borrokaria lanarekin zabaldu zen 2012ko urtarrilean. Saileko ale berriak aurki kaleratuko dira: Jone Arroitajauregiren Haur eta gazte literaturako antologia, Xabi Payaren Ahozko literaturaren antologia, Lourdes Otaegik idatzitako Poesiako antologia, Mikel Aierberen Narratibako antologia eta Non omnis moriar, Anjel Lertxundirena.

Aurten ere dibulgaziozko Euskal Kultura Saila zabalduko da, gure hizkuntza eta kulturaren gaineko lan monografikoak hartuko dituena: Euskara, Antzerkia, Dantza, Literatura, Ikusizko arteak, Bertsolaritza, Musika klasikoa, Zinema, Tradizioak, Pop eta folk musika, Argazkilaritza, diseinua eta arkitektura eta Gastronomia.


spacer Inprimatu


spacer spacer
spacer
spacer Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com
spacer spacer
gipoco.com is neither affiliated with the authors of this page nor responsible for its contents. This is a safe-cache copy of the original web site.