spacer
 

UEU

  • Nor gara
  • Euskal Unibertsitatea
  • Deialdiak
  • Idazkaritza birtuala
  • Harremanetarako
  • Gurekin lan egin
  • Prentsa-bulegoa

IKASI

  • Ikastaroak spacer
  • Irakasleen
    formakuntza
  • Jardunaldiak
  • Gradu eta
    graduondokoak
  • Udako ikastaroak
  • Berriak spacer
  • Irakurri
  • IKTresnak
  • Denda spacer
  • Ikasgela birtuala
bazkide egin zaitez

Euskal Unibertsitatea

Gure helburu nagusia: Euskal Unibertsitatea sortzeko ildoa garatzea. Euskal gizartearen beharretara egokituko den maila goreneko hezkuntza-erakundea lortzeko lanean ari gara.

1973an sortu zenetik, UEUren baitan egon da Euskal Unibertsitatea sortzeko helburua. 1995ean egindako Kongresuan bezala, 2002 eta 2003an burututako Kongresuan ere Euskal Unibertsitatea sortzeko helburua berretsi zuen UEUk, lan horretan bere buruari lidergoa hartzeko konpromisoa gehitu ziolarik. Horren ondorioz, Euskal Unibertsitatearen Sustapen Batzordea eta Zuzendariondokoaren figura sortzea erabaki zen. II. Kongresu horretan emandako bultzadari eta jarritako baliabideei esker, aurrerapauso esanguratsuak eman dira azken urteetan ildo honi dagokionez.

Horrela, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Euskal Unibertsitatearen oinarrizko ezaugarriak deritzon liburuxka argitaratu zuen 2006an EUSB-ren eskutik, 2004. urteko azaroan Euskal Unibertsitatea EGINEZ mintegia antolatu ondoren.

2008. urtean, UEUk, Nazio Eztabaida Guneak eta Kontseiluak sinatu zuten hitzarmenaren arabera Euskal Unibertsitatearen sustapen taldea sortu zen. Eragile haien "helburu nagusia" Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioa sortzea zen.

Bide horretatik, Euskal Unibertsitatea sortzeko helburuz Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioa sortzea erabaki zuten 2008ko ekainean euskalgintzako zortzi eragilek: Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK), Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT), Elkar Fundazioak, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak (EHIK), Ipar Hegoa Fundazioak (LAB sindikatuaren Ikasketa Sindikaletarako Fundazioa), Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Nazio Eztabaida Guneak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU).

2009. urtean Euskal Unibertsitatea sortzeko behar den Proiektu Akademikoa landu du UEUk Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioaren eskariz. Ikuspegi funtzionalari erantzuteko asmoz, Proiektu Akademikoa zati bitan banatu da: Hezkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua.

Hezkuntza Proiektuak (HP), besteak beste, Euskal Unibertsitatearen izaera, helburuak, balioak eta egitura pedagogikoa azaltzeaz gain, hezkuntza-zentro gisa inguru hurbilarekin eta, oro har, gizartearekin izango duen harremana zehazten du. Esanahi handiko dokumentua izanik, unean uneko egoeraren ezaugarrietara egokitzen joango da.

HPtik abiatuta, Curriculum Proiektua (CP) eraiki da, zeinak HPn zehazturiko ildo pedagogikoetan oinarria duten graduen eta graduondokoen diseinua biltzen baitu.

2010. urtean, Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioak beste aurrerapausu bat emango du eta, besteak beste, Euskal Unibertsitatearen izaera, egitekoa eta funtzionamendua, bilduko duen Euskal Unibertsitatearen Aitorpen Txostena lantzeari ekin dio.

Informazio gehiago eskuratzeko: a.latatu@ueu.org

Euskal Unibertsitatearen Hezkuntza Proiektua

HPk Euskal Unibertsitateak hezkuntzari dagokionez hartu dituen erabakiak jasotzen ditu. Hasteko, Euskal Unibertsitatearen testuinguru akademikoa egiten da, hots, erakundearen ingurune hurbilenaren egoeraren azterketatik hasita, Europako abagunera lerrokatu eta gainerako unibertsitateekin lankidetzan zer-nola arituko den azaltzen da.

Jarraitzeko, hezkuntzari dagokionez Euskal Unibertsitatearentzat estrategikoak diren ildoak eta helburuak zehazten dira. Hortik aurrera, hurrengo hiru ataletan, EUren nortasunaren aurkezpenean sartzen da bete-betean. Batetik, Unibertsitatearen izaera-ikurrak bilatuko ditugu; bestetik, EUren egitekoa eta ikuskeraren definizioa, eta azkenik, hezkuntza-zentro den neurrian abiaburu diren printzipioak eta balioak ezagutarazten dira.

Aipatu atalen ostean, Bolognak hezkuntzaren alorrean ezarritako konpetentziak aztertu eta haien aukeraketa egiten da. Hurrengo atala, eredu edo egitura pedagogikoari dagokio: batetik eredua da, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ulertzeko modua azaltzen duelako, eta, bestetik, egitura, prozesu hori bera arkitektura akademiko zabalago baten baitan kokatzen duelako. Hortik abiatuta, aurrerantzean egitura pedagogiko esango zaio. Are gehiago, egitura pedagogiko hori, izen propioarekin aurkezten da: Irundegi hain zuzen ere.

Amaitzeko, atalez atal azaldutako guztia aurrera eramateko garrantzitsuak bezain ezinbestekoak diren baliabideak eta azpiegiturak ezagutarazten dira.

Irundegi egitura pedagogikoa

Euskal Unibertsitatearen HPren ildo estrategikoen baitan, eta helburu akademikoak betetzeko ardatz, Irundegi Egitura Pedagogikoa dugu. Izenak berak dioen moduan, irundegi bat irudikatzen du, lantegi bat, unibertsitate lotu bat, non egitura pedagogikoaren beraren ehungaiak iruten eta batzen dituzten iruleak izango diren protagonista nagusiak, ikasleak eta irakasleak. Hain zuzen, horixe baita Irundegi Egitura Pedagogikoaren ezaugarri bereizgarria: ikaskuntza-irakaskuntza ereduaren, ikerketaren, IKTen eta hizkuntzen arteko lotura etengabe eta hautsiezina.

Elementu horien guztien harremanetik sortu da Hezkuntza Proiektuaren oinarri den Irundegi Egitura Pedagogikoa eta EUk eskainiko dituen maila akademiko guztietan aplikagarria da.

Euskal Unibertsitatearen Curriculum Proiektua

Agiri honetan unibertsitateak curriculumaren osagaiak antolatu, garatu eta testuinguruan kokaturiko planifikazioa egiten da. Planifikazioa, hezkuntzako asmo eta pentsamendu pedagogiko batzuetatik abiatzen da.

Kasu honetan, Euskal Unibertsitateak, hezkuntza ulertzeko eta egikaritzeko ikuspegi zehatzetik egin ditu curriculumari dagozkion erabakiak. Aipatu ikuspegia, Irundegi egitura pedagogikoak ematen du beren lau indar-eragileen bidez (ikus Euskal Unibertsitatearen Hezkuntza Proiektua, Egitura Pedagogikoa). Hitz xumeetan esanda, EUk eskaini nahi dituen titulazioen garapena antolatzen da.

Esan gabe doa, abagune honetan, CPren zehaztapen maila batez dihardugula hizketan eta inondik inora ez dela hemen amaitzen curriculumari dagozkion erabaki-hartzeak. Aurrerantzean, beraz, materia eta modulu bakoitzeko programazioa doitzea izango da EUren eginkizunetako bat.

Lehengo hariari jarraituz, zortzi dira EUk aurrera begira eskaini nahi dituen curriculum-ibilbideak. Horietako bost, gradu mailakoak, eta gainerako hirurak graduondokoak. Zortzi titulazioen eskaintza erabakitzeko honako prozesu honi jarraitu genion 2008an, urratsez urrats:

Hiru esparrutan banatutako azterlana:

  • Dokumentazioaren azterketa: Euskal Unibertsitatea sortzea helburu zuten aurreko proiektuen azterketa, eta EAEko eta Nafarroako titulazioen eta matrikulazioaren datuen azterketa.
  • Merkatu hurbilaren azterketa. Ikastoletako ikasleriak dituen titulazio-hobespenak.
  • Adituen proposamenak eta eztabaidarako mintegia.

Euskal Unibertsitatearen aldeko Fundazioari aurkeztu zaion Curriculum Proiektuan zortzi titulazio hauei dagozkien ikasketa-planak bai eta beraiek eraikitzeko erabilitako irizpideak jasotzen dira.

Copyright @ 2012 UEU -- Bisitariak: 0

gipoco.com is neither affiliated with the authors of this page nor responsible for its contents. This is a safe-cache copy of the original web site.