Mundua.com
 
Bloga sortu  Sartu  

09.24.11

Ikasturte berria, blog berria!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Iraila 24 @ 22:39 Egilea baiesan

Kaixo!

Hastear den ikasturte honetan, berriro gatoz gogotsu eta ilusioz beteta gure herrian euskararen alde lan egitera. Eta gure berri era egokiagoan izan dezazun, blog berria sortu dugu, erakusteko baliabide gehiago ditugu eta. Bertan, antolatzen dugun guztiaren berri izango duzu: informazioa, argazkiak, bideoak… Ea zer deritzozun! A! Eta zeuk ere parte har dezakezu, iruzkinak eginez. Han elkartuko gara!!!

Itxaso

Bai Esan Santurtziko euskara elkartea

Lotura iraunkorra Iruzkinak

07.16.11

Ondo bai ondo jaietako bertso-triki-poteoan!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Uztaila 16 @ 11:00 Egilea baiesan

Astelehenean, garagarrilak 11, ondo bai ondo ibili ginen Santurtziko txosnetan Igor Elortzaren eta Miren Amurizaren bertsoak entzuten, triki-panderoak lagun, EHE eta Bai Esan euskara elkartearen eskutik. Eskerrik asko etorri zineten guzti-guztioi! Itxasoaz.

Hemen dituzue argazki batzuk, eta Flickren argazki gehiago eta bideoak, baita YouTuben ere!

spacer

Gure txosnaren aurrean! Hauxe da gure diru-iturri bakarra, honelako ekitaldiak antolatu ahal izateko!!!

spacer

Mamarigako Kultur Etxeko txosnan. Gora autogestioa!

♬ Santurtziraino ilusinoaz gara gu biok iritsi
ta badakigu inguru hontan ez dagoela lan gitxi,
bakotxak bere terrenoetan lantzeari oin ez itxi,
bien bitartean gozatu jaiak! Agur eta ondo bizi! ♪♪♪ Miren Amuriza
♬ Hurrengo baten be behar badira beste hainbat bertsolari,
gu etorriko gara kantatzen SANTURTZI EUSKALDUNARIIII!!!  ♪♪♪ Igor Elortza

Lotura iraunkorra Iruzkinak

07.05.11

Bertso-triki-poteoa jaietan!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Uztaila 5 @ 22:42 Egilea baiesan

Astelehenean, garagarrilak 11, jaietako euskal egunean, Bai Esanekook EHEren laguntzarekin bertso-triki-poteoa egingo dugu txosnetatik arratsaldeko 7etan. Horretarako bi bertsolari bizkaitar aparta gonbidatu ditugu: Igor Elortza eta Miren Amuriza, baita Unai gure trikitilaria eta pandero-joleak ere. Bazatoz?

spacer spacer

Bertso-triki-poteoa gure txosnan hasiko da!!! Bai, ondo irakurri duzu, aurten lehenengoz izango dugu txosna eta, EHErekin batera. Horixe izango da gure diru-iturria. Beraz, jaietan Santurtziko jaietara etortzen bazara, egiguzu bisita!!!

Igor Elortza Aranoa bertsolari durangarrak Topografia Ingeniaritza Teknikoko ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Bost aldiz jantzi du Bizkaiko txapela (1998, 2000, 2002, 2004 eta 2008an). 2006an eta 2010ean ez zen aurkeztu. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian 1993an hartu zuen parte lehen aldiz; lehenengo bietan finalaren ateetan geratuta. 2001. urtean, ostera,  iristea lortu zuen eta gaur egunera arte final guzti-guztietara heltzea lortu du. Unai Iturriagarekin batean egin du bertso ibilbide ia osoa, hasieratik orain arte. Margolana (1999) liburua argitaratua zuen. Musika arloan Zazpi eskale taldea osatu zuen, Unai Iturriaga eta Josu Zabalarekin batera, eta bi disko kaleratu zituzten: Bertso berriak pobreziari jarriak eta Barrenkaleko Bluesak. 2008an taldekideak berriro elkartu ziren Gu eta gutarrak sortzeko. Beste hainbat talderekin ere aritu da elkarlanean: Gari, Gozategi, Mikel Markez.

Miren Amuriza Plaza berriztarra da. Euskal Filologia ikasten dabil.  Bizkaiko eskolarteko hiru txapel eta Euskal Herriko bat jantzi ditu. 12 urterekin hasi zen bertsotan Berrizko bertso-eskolan. 2009an hartu zuen parte lehenengoz Euskal Herriko Txapelketa Nagusian eta iaz Bizkaiko Txapelketan, non 3. geratu zen.

Lotura iraunkorra Iruzkinak

06.19.11

Gure bidaia Agurtza itsasontzian!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 19 @ 23:05 Egilea baiesan

Askotan ikusi ditugu arrantza-ontziak Santurtziko portuan. Txikitan, sirenak entzun eta arrapaladan joaten ginen kaialdera, arrantza zelan porturatzen zuten ikustera, eta gure amek bertako arrain-saltzaileei -Txarori, Karmeni, Nereari…- erosten zizkieten gero gozo-gozo prestatuko zizkiguten arrainak. Baina inoiz ez dugu eduki itsasontziak barrutik ikusteko aukerarik; inoiz ez dugu eduki gure arrantzaleek, itsasoan zeudela, zelako bizimodua zuten itsasontzian bertatik bertara jakiteko abagunerik; ezta arrantzan zelan egiten zuten ontzitik ikusteko paradarik ere; eta are gutxiago euskaraz.

Zapatuan, bagilak 18, ostera, aukera paregabea izan genuen! Bai Esan euskara elkarteak egindako gonbidapena onartu, pozik gainera, eta talde eder bat batu ginen (gehienak santurtziarrak, baina baziren basauriarrak, getxoztarrak, galdakoztarrak eta bilbotarrak ere gure artean), Nautika ondoan dagoen Agurtza atunketaria ikusteko. Bertan, Ane Herran genuen zain, gure bidaian gidari izango genuena. Ontziolan sartu orduko, gure herriari buruz eta itsasontziari buruz egin zigun berba. Gero, oholetan dauden irudiak euskarri, XX. mendearen hasieran portuko lanak zelakoak ziren azaldu ondoren, ontziratu egin ginen. Bertan kapitaina, arrantzaleak eta koipeztatzailea ere (oso garrantzitsua azken hau spacer ) ibili zitzaizkigun kontu-kontari, baita bidelagun izan genituen Itxas Egurra Haizean taldekoak ere. Baina ontzian ez ginen bakarrik egon, haizea ere bidaide izan genuen, bidaiari errealismo kutsua emateko!

Gure jakin-mina ondo ase eta itsasontzia goitik behera miatu ostean, pastelari gindatxua ipintzeko ordua heldu zen: Txitxarrara joan ginen zintzurrak bustitzera!

Eskerrik asko bidaideok! Eta hurrengora arte!

Itxaso Antuñano Zeanuri.

spacer

Itsasontziaren brankan

Argazki gehiago hemen!

spacer

Itsasontziaren txopan

Lotura iraunkorra Iruzkinak

Kantuan eta dantzan Txitxarran!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 19 @ 13:28 Egilea baiesan

Barikuan, bagilak 17, Bai Esan euskara elkarteak antolatuta eta EHEren laguntzari esker, Santurtziko berbalagunok eta euskaltzaleok euskal kantuan eta dantzan ibili ginen, trikitiak, panderoak, txistuak eta danbolinak lagunduta, Txitxarra alaitzen iluntzera arte.

Eskerrik asko parte hartu zenuten guzti-guztioi, baina batez ere musu truk: kantuan lagun izan genuen Bihotz Gaztea abesbatzari, eta beren-beregi Lorea zuzendariari; dantzan lagun eta gidari izan genuen Bihotz Gaztea dantza-taldeari eta beren-beregi Lorea Martinez dantzariari eta Iñaki Urkijo txistulariari, baita Unai trikitilariari eta Indira pandero-joleari ere.

Eskerrik asko danori, egiatan, herrian euskalgintza bultzatzeagatik!

Argazkiak ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen eta bideoak hemen!

spacer

Oharra: Lorea dantzariak denok jarri gintuen dantzan, baita argazki-makina ere!

Lotura iraunkorra Iruzkinak

06.17.11

Karmele Jaio gure artean!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 17 @ 15:47 Egilea baiesan

Bai Esan euskara elkartekook, EHEren laguntzari esker, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren barruan, Karmele Jaio euskal idazlea gonbidatu dugu, Musika Airean bere azken liburua aurkeztu eta bere liburuez hitz egin diezagun. Ekainaren 30ean, osteguna, arratsaldeko 7:30ean, Dorretxeko Rompeolas aretoan. Musu truk! Bazatoz?

Dorretxean izango denez, hitzaldiaren aurretik, 6:45ean, han bertan dagoen Santurtziko Historiaren Interpretazio Zentrora joatea pentsatu dugu. Hau ere doakoa da, baina mugatua; beraz, etorri nahi baduzu, bidal iezaguzu emaila hona: baiesan @kaixo.com

spacer

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) kazetaria da ikasketaz eta lanbidez. Literaturan, bi ipuin bilduma kaleratu ditu orain arte: Hamabost zauri (2004) eta Zu bezain ahul (2007), eta eleberri bat, Amaren eskuak (2006).

Musika airean: Leiho ondoan ematen du eguna Elenak, kalera begira, munduan egin beharrekoak eginda dituelakoan. Seme-alabek Ekuadorreko neska bat ekarri diote, etxeko lanetan laguntzeko eta etxetik ateratzera animatzeko. Elenak, baina, bertan geratu nahi du, bere oroitzapenei atxikia.

Maitasuna eta gorrotoa, adiskidetasuna eta zeloak, bizinahia eta etsipena… Sentimenduen nobela da Karmele Jaioren bigarren eleberri hau, pertsonaien nortasuna fintasunez deskribatzen duena eta, oroz gain, bizitza den sinfonia erraldoiaren handitasuna azpimarratzen duena, bere gazi-gozo eta kontraesan guztiekin.

Lotura iraunkorra Iruzkinak

06.12.11

Santurtziko dendetan eta tabernetan ere euskaraz!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 12 @ 16:35 Egilea baiesan

Santurtziko euskara elkartea sortu genuenetik, gure kezka nagusia herrian euskararen erabilera sustatzea izan da. Horretarako, zenbait ekimen egin ditugu: urtero hainbat ekitaldi antolatu euskaraz; Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina, euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko; duela hiru urte, Berbalagun egitasmoa abian jarri, herriko beste eragile batzuekin batera… Eta orain, beste urrats bat ematea erabaki dugu: Santurtziko euskaldunon gida osatzea.

Berbalagun egitasmoa oso arrakastatsua izan zen hasieratik (herrian behar hori zegoen seinale), santurtziar askok eman zuten izena, baita ondoko herrietako batzuek ere; eta urtetik urtera, berbalagun kopuruak gora egin du: gaur egun, astero biltzen diren 18 talde daude 7 astegunetan. Beraz, Santurtzin euskaraz egunero egiten dela esan dezakegu.

Harro gaude lortutakoaz, baina euskararen erabilera zabaldu egin behar da, eguneroko zereginetara ere eraman. Eta horretarako, euskal gida izatea ezinbestekoa da, euskaldunok (santurtziarrok eta kanpotik etorritakoek), jakin dezagun non egin dezakegun euskaraz. Ideia hau ere hasieratik eduki dugu buruan, gure egitasmoen artean egon da beti; baina, bata dela bestea dela, ezin izan dugu aurrera eraman orain arte.

Modu xumean bada ere, lehenengo urratsak ematen hasi gara. Euskaraz dakiten edo ulertzen duten dendak eta tabernak zeintzuk diren jakin, haiekin hitz egin, eta aspaldian egin genuen honako kartel hau leku agerian ipintzeko eskatu diegu:

spacer

Eta aitortu behar dugu dendarien eta tabernarien jarrera ezin hobea izan dela. Azalpen handirik eman gabe, baietz esan digute hasieratik. Euskararen aldeko jarrera benetan bikaina izan da. Guzti-guztiek ez dakite hitz egiten, baina ulertu egiten dute. Batetik, hori, gure ustez (eta honetan gurekin bat etorriko zarete), nahikoa da, euskaldunok euskaraz eskatu ahal izateko. Eta bestetik, eurek esan diguten bezala, oso ondo etorriko zaie, dakiten apurra praktikatzeko eta gehiago ikasteko; horrela gero eta gehiago ulertuko dute, eta azkenean, seguru asko, erantzutera ere ausartuko dira. Horrela ikasten dira hizkuntzak era naturalean, ezta?

Zuk ez badakizu, nik ezin dizut egin. Baina ulertzen baduzu, zergatik ez?

Ez galdu euskaraz egiteko aukerarik!

Hortaz, kartel hori ikusten baduzue, badakizue: euskaraz egin!!!

Hemen daukazue behin-behineko zerrenda:

TABERNAK

  1. Egoki
  2. Gaua
  3. Gora Santurtzi
  4. Herriko taberna
  5. Kalea
  6. Lagun Etxea
  7. Pleamar
  8. Txistu
  9. Wagon

Mamarigan:

  1. Armintza
  2. Leizalde
  3. Luna
  4. Maisu
  5. Sotera
  6. Taxka 3

DENDAK:

  1. Arkupe prentsa-kioskoa, Mamarigan
  2. Lorena Sierraren farmazia
  3. Nordenson zapata-denda
  4. Sinistezin bidaiak
  5. Txiri Vita janari-denda ekologikoa
  6. Ziripot jostailu-denda

BESTELAKOAK:

  1. BBK, Mendizabal kapitaina kalean
  2. Euskadiko Kutxa, Txitxarran
  3. Gazte Box
  4. Kiroldegiak
  5. La Kelo gaztetxea
  6. Liburutegia
  7. Mamarigako Kultur Etxea

Besteren bat ezagutzen baduzu, esaguzu, zerrendan jartzeko!

Oharra: Hemendik aurrera blog honen eskuinaldean edukiko duzu zerrenda eguneratuta.

Lotura iraunkorra 5 Iruzkin

Euskal triki-dantza-kantu-poteo mundiala!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 12 @ 16:06 Egilea baiesan

Barikuan, ekainak 17, EUSKAL TRIKI-DANTZA-KANTU-POTEO MUNDIALA egingo dugu Santurtzin, Txitxarran, arratsaldeko 7etan, Bai Esan euskara elkarteak antolatuta!!!

spacer

Berbalagunen ikasturteari amaiera emateko, euskal kantuz, musikaz eta dantzez girotuko dugu herria EUSKARATIK ETA EUSKARAZ!!!
Bihotz Gaztea dantza-taldekoek dantzan irakatsiko digute, abesbatzakoek kantuan zuzendu eta Unaik eta Loreak trikitiaz girotu. Zeu ere euskalduna bazara eta euskaraz gozatu nahi baduzu, ZATOZ GUREKIN!!!
BARIKUAN ARRATSALDEKO 8-ETAN LAGUN-ETXEAN ELKARTUKO GARA!!! ERDU GEUGAZ!!!

Lotura iraunkorra Iruzkinak

06.09.11

Agurtza atunketaria ikustera goaz!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 9 @ 15:09 Egilea baiesan

Ekainaren 18an, larunbatarekin, eguerdiko 12:30ean, Nautika ondoan dagoen Agurtza itsasontzia ikustera joango gara. Han bertan elkartuko gara 12:20an, bisita ordubete ingurukoa izango da eta, ondoren, eguerdiko poteoa egingo dugu Txitxarran. Plan itzela, ezta? Ez galdu azalpenak euskaraz entzuteko aukera eta zatoz zeu ere gurekin! Doan da!

Etorri nahi baduzu, bidal iezaguzu emaila lehenbailehen hona:  baiesan @kaixo.com

spacer

Agurtza arrantza-ontzia Lekeitioko atunketaria da, Bermeoko ontziolan egina. 1969tik 1990eko hamarkadaren bukaerara arte ibili zen arrantzan. Gaur egun, berriz, Santurtzin dago lehorreratuta, 2004tik, ontziola moduko batean, nautika-eskolaren eta kiroldegiaren artean, itsasadarraren ondoan.

Agurtza benetako atunketaria izatez gain, itsas-gela ere bada. Bertan XX. mendearen erdialdean gure arrantzaleek euren lan gogorra zelan egiten zuten eta zelan bizi ziren ikusi ahal izango dugu. Horrez gain, ikus-entzunezko baliabideak ere baditu museoak, irudien bitartez arrantzaleen lana hobeto azaltzeko.

Horrelako itsasontzi asko ikusi izan ditugu Santurtziko portuan (gaur egun bakan batzuk baino ez, zoritxarrez). Garai batean sirenak jo eta arineketan joaten ginen kaialdera, arraina zelan porturatzen zuten ikustera, baita erostera ere, han egoten ziren arrain-saltzaile ezagunei: Txarori, Karmeni, Nereari… Baina gutariko gehienok ezin izan gara inoiz horrelako batera sartu edota bertan itsasoratu. Oraingoan, ostera, badugu hori egiteko aukera paregabea! Ez ezazu galdu eta erdu geugaz!!!

Lotura iraunkorra Iruzkin 1

06.08.11

Giro paregabea Elizondoko Mintza Egunean!!!

Atala(k): Sailkatugabeak 2011 Ekaina 8 @ 17:41 Egilea baiesan

Hala iragarrita ez bazegoen ere, larunbatean eguzki amandrea bidelagun izan genuen Elizondon egun osoan. Itzel igaro genuen eguna! Eta hainbat herritako berbalagunak ezagutzeko aukera ere izan genuen: gernikarrak, baztandarrak, eibartarrak, gasteiztarrak, donostiarrak, getxoztarrak, sestaoarrak, bilbotarrak, barakaldarrak, iruindarrak… Mingainak dantzan egun osoan!!!

spacer

Heldu bezain laster, hamaiketako gozoa geneukan zain: txistorra, gazta, tortilla, txorizoa, ogia, olibak, sagardoa… txalapartak eta bertsolariek girotuta. Hamabiak aldera, Elizondoko fanfarreak lagunduta eta Pello Iriarte historialariak gidatuta, herriko zoko-moko guztietatik ibili ginen. Bai herri ederra eta interesgarria! Eta a zer-nolako beroa! Gidaria izerdi-patsetan eta gainerakook ere bai. Euritik babesteko eramandako aterkietan topatu zuten abaroa batzuek; besteok, ostera, azala belztu egin genuen. Ordu bat eta erdietan, egarria asetzeko: mintza-bermuta, ondo merezita.

spacer

Arratsaldeko ordu bietan, ostera ere Merkatu plazara hurbildu ginenerako, mahaiak prest zeuden, bazkaltzen has gintezen.  Bapo jan eta gero, sariak banatu zituzten eta bertsolariek bertso hunkigarriak bota zizkieten saridunei. Ondoren, kantuan aritu ginen, betiko euskal kantak abesten. Eta jaiari amaiera emateko, mingainei atseden apur bat eman eta gorputzak astintzeari ekin genion. Iluntzera arte ibili ginen dantzan euskal erromerian, Mikel Salaberri orkestra-gizonaren eskutik. Hura bai giro ederra! Eta hala erakusten dute bertan ateratako argazkiek (ikusteko klikatu gainean).

Itxaso Antuñano Zeanuri

spacer

Eta hara zer aurkitu genuen Elizondoko denda batean:

spacer

Gora Euskal Herri euskalduna!!!

Lotura iraunkorra Iruzkinak

« Aurreko orrialdea Next Page » Next Page »

gipoco.com is neither affiliated with the authors of this page nor responsible for its contents. This is a safe-cache copy of the original web site.