spacer
spacer

Gune
pribatua

Bazkide
egin

Denda
online

Aurkezpena >>


Erakundea

Sorrera eta helburuak

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 1992ko azaroaren 5ean sortu zen Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulgo euskaltzale batzuen eskutik, eta sortzez dituen hiru helburu nagusiak honakoak dira:

  • Euskara hizkuntza suspertu, osatu eta hedatzea, bere erabileraren erabateko normalkuntzara heldu asmoz.
  • Euskal kultura indartu eta arnasberritu eta bere jardunaz zein gainerako kulturekiko harremanaz aberastea.
  • Manuel Larramendi euskaltzale eta euskalariak herri baten hizkuntza, izaera eta berezkotasunen alde ahaleginduz utzi zuen kemen, arrazoibide eta senezko lan eta mezuari uztartu eta haren gizabide eta arrazoizko jardun eredugarria jakitera eman eta zabaltzea, hark hasitako ildoari gaurgeroako zantzua emanaz.

Bi xede nagusi horiek erdiestearren, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bitarteko helburu zehatzago hauek ezarri dizkio bere buruari:

  • Gizarte mailako komunikazio erabidean eragitea, euskara hutsezko mota orotako hedabideak –idatzizkoak zein ikusentzunekoak– sortu eta kudeatuz, hala tokiko komunikazioa xede dutenak, nola eskualde, lurralde edo erkidego izaerakoak ere eta edozein komunikazio alor edo atalari dagozkionak.
  • Euskararen ezagutza suspertzeko, zabaldu eta trinkotzeko irakaskuntza eta trebakuntza jarduerak antolatu, gauzatu eta kudeatzea.
  • Gazte eta helduen aisialdian euskararen erabilera txerta, susper, ziurta eta zabal dezakeen mota orotariko jarduerak antolatzea.
  • Euskal Herriaren eta Gipuzkoaren historia eta herrietako tokiko historia euskaraz ikertua eta ezagutzera emana izan dadin jarduera eta ekimenak gauzatu eta antolatzea.
  • Euskal literaturaren sorkuntza eta literaturaren euskarazko irakurzaletasuna suspertu eta babesteko ekimen eta jarduerak gauzatu eta kudeatzea.
  • Kontsumo ekoizkinen ekoizpen eta salmentan, lan- eta gizarte-zerbitzuen eskaintza eta kudeaketan, eta, oro har, euskal gizarteko lan erabidean euskararen erabilera suspertu eta zabaltzeko ekimen eta jarduerak antolatzea.
  • Nazioarteko beste herrialde eta kulturekin elkar ezagutzeko eta laguntzeko ekimen eta jarduerak antolatzea.
  • Euskal folklore eta etnografia iraunarazi, suspertu eta zabaltzeko ekimenak gauzatzea.
  • Euskal gizartearen hizkuntza jokabidean eragin nabarmena izanagatik edo jokabide horrentzat eredugarri izan litezkeelako euskara hizpide nagusi izando duten kultur eta gizarte ekintza eta jarduerak gauzatu eta antolatzea.
  • Euskal toponimoa berreskuratu, iraunarazi eta ezagutzera ematea.

2004. urtean Larramendi Bazkunaren baitan udalerri biltzar berria sortu zen, Urnietan, eta bertako bazkideek Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarra izena eman zioten biltzarrari, gaur egun halaxe ezagutzen delarik elkartea Urnietan.

Irudi edo logotipoa


spacer

Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren logotipoa Xabier Laka eskulturgileak sortu zuen 1992. urtean. Irudiak lauki bat azaltzen du eta bere baitan aurpegia marra batez osatua. Aurpegi horren ezaugarria oso sudur luzea laukia zulatuz kanpora kuku egiten duena. Laukiaren oinean Mlarramendi hitza, m eta l hori bata bestearekin uztarturik.

Laukia euskal kultura eta munduaren edo bizitzaren euskal ikuspegia adierazten du; aurpegia, berriz, euskalduna da, bere munduan bizi nahi izateaz gain sudurraz bere mundutik kanpo kuku egin beharrean eta nahian bizi dena. Oinean azaltzen diren hitzak Manuel Larramendi berari egindako omenaldia da, andoaindarrak hitza izan baitzuen bere jardunaren ardatz, lanabes eta bitarteko.

Logotipoa edozein kolore erabiliz molda liteke, baina sortzez bi ditu: laukia urdin iluna da, heraldikan azur deiturikoa, hori baita jatortasun eta gizalegetasunaren kolorea. Aurpegia, berriz, urre kolorekoa, urrea baita giza-nolakotasun jasoenak adierazi ohi dituenak.

spacer MLKB-en logotipoaz gain, Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak berak ere badu irudia, Xanti Gorrotxategi bazkideak sorturikoa. Irudia iñistor edo garo hosto bat da, zurtoinetik burura eskuin aldera abailtzen dena. Kolorea berdea du edo gaztain-arrea. Logotipoaren oinean Iñistorra Biltzarra izena.


Akronimoa

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna da bazkun edo elkartearen izen osoa, baina Larramendi Bazkuna da gehien erabili ohi den aldaera, eta bere akronimoa ere badu: MLKB.

Urnietan, esan bezala, Iñistorra da biltzarraren izena.

Lege-idazpenak eta aintzatespenak

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistro Nagusian idazpeturik dago, AS/G/03636/1992 zenbakiarekin.

Bere jardun fiskalerako Espainiako Ogasun Ministeritzako jarduera fiskalen erroldan idazpeturik dago eta bertan G-20438073 zenbakia dagokio bere nortasun fiskalari.

Larramendi Bazkuna Herri Onurako elkartea da, Eusko Jaurlaritzak hala izendatua eta aintzatetsia maiatzaren 20ko 105/2003 Dekretuaz.

Egoitzak

Une honetan lau egoitza ditu Larramendi Bazkunak:

Zizurkilen egoitza orokorra du, Bulandegi bideko 23. zenbakian dagoen Karidade-eneko etxabean. Bertan, zuzendaritza eta administrazioa eta Aiurri hamaboskariaren Aiztondoko erredakzioa ditu.

Zizurkil =

Bulandegi bidea, 23-behea. Karidade-enea. 20150
943-696-450 / eragile2@larramendi.org

Andoainen, Dr. Huizi kaleko 15. zenbakian ere zuzendaritza bulegoa du, ekimen jakin batzuen egoitza eta bulegoa. Hauxe izan zen Larramendi Bazkunaren lehenengo egoitza eta bertan sortu ziren bere ekimen nagusiak. 1993. urtean kokatu zen bertan.

Andoainen bigarren egoitza du, Arantzibia izenekoa, izen bereko plazako 4 eta 5 zenbakietako etxabean. Bertan, Rikardo Arregi Aldizkaritegiak du bere egoitza, 111 Akademiak eta Aiurri aldizkariek. Azken hauei dagokienez, bertan kokatzen da Larramendi Bazkunaren jabetzakoa den Erroitz baltzuak eta horrek ekoitzi ohi ditu Aiurri izeneko argitalpen guztiak eta Larramendi Bazkunaren beste zenbait ere.

Andoain =

Dr. Huizi kalea, 15-1. 20140
943-300-733 / bazkuna@larramendi.org

Arantzibia plaza, 4/5-behea. 20140
943-300-732 / andoain@aiurri.com

Urnietan, berriz, Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak bere egoitza du, Aiurri astekariaren Urnietako erredakzioak bezala. Errekaldeko kaleko 14 zenbakiaren atzealdean dago, etxabean.

Urnieta =

Errekalde kalea, 14, atzealdea-behea. 20130
943-331-455 / eragile1@larramendi.org

Egitura

MLKB-ren egitura oinarria bazkide guztiek osatzen duten Biltzar Nagusia da, ohiko izaeraz urtean behin biltzen dena, baina aparteko izaeraz dei daitekeena nahi hainbatetan. Biltzar

Nagusiak Zuzendaritza Batzordea osatuko duten kide guztiak izendatzen ditu eta haiengan eskuordetzen bazkuna kudeatzeko eskumenak eta ardura gehienak.

Bigarren maila baten herrietako Udalerri Biltzarrak daude, zeinek izen berezia izan dezaketen, Urnietako Iñistorrak bezala, eta horien eginkizuna herrietako bertako antolakuntza osatzea da, jardun-egitaraua onartzea eta biltzarraren ahaldun gisa jardungo duena proposatzea Biltzar Nagusiari.

Zuzendaritza Batzordea

MLKB-ren eguneroko jardunaz arduratzen da eta bi urtez behin berritzen du Biltzar Nagusiak. Sortuz geroztik zortzi Zuzendaritza Batzorde izan ditu Larramendi Bazkunak, nahiz aldaketa oso gutxi gertatu diren batetik bestera.

Zuzendaritza Batzordea lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak, herrietako ahaldunek (zazpi), 111 Akademiaburuak, eta beste bi mahaikidek osatzen dute –Andoaingo ahaldunordeak eta sabelaldi berrietako ordezkariak–.

Hilero egin ohi du bilera Zuzendaritza Batzordeak Zizurkilgo egoitza nagusian.

Lehendakaria

Jon Unanue López da MLKB-ko lehendakaria sortzez geroztik, hots, 1992. urtetik eta une honetan bere lan-jarduna ere Larramendi Bazkunaren baitan eman ohi du, elkartearen lan-egitaraua zuzendu eta bideratzen.

Donostian, 1964. urtean jaioa, Urnietan bizi da 1990. urteaz geroztik, bertakoa baitzuen aita. Oso gazte zela euskara irakasle gisa hasi zen Donostian eta horretan jardun zuen hainbat urtez, Zazpiak Bat Elkartean eta Eraiki edo Hitzez euskaltegietan. Zuzenbide ikasketetan abiatu zen arren, itzultzaile lanetan hasi zen Gipuzkoako Foru Aldundian eta, gutxira, itzultzaile-inteprete lanpostuaz jabetu zen (1987) Andoaingo Udalean. Geroztik bertan dihardu, bost urtez Euskara Zerbitzuko arduradun izan zelarik, besteak beste 1990. urtean Manuel Larramendiren jaiotzaren III. mendeurreneko ekitaldi eta ospakizunak antolatuz.

2004. urtean, Andoaingo Udalak eta Larramendi Bazkunak sinaturiko hitzarmenaren ondorio gisa, Jon Unanue Andoaingo Udalak babesten duen Bazkuneko lan-egitaraua kudeatzen eta zuzentzen hasi zen eta horretan dihardu gaur egun ere.

Jesús María Leizaola sariko akzesita irabazi zuen 1993. urtean Jose Antonio Rodríguez Ranzekin batera, Hizkuntz politika, Autonomia eta Euskal Administrazioa: hizkuntz eskakizunak Gipuzkoako Toki Administrazioan II. Errepublikaren garaian izenburuko ikerlanagatik.

Lehendakariordea

Mª Juli Azkue Arrastoa Zuzendaritza Batzordeko kide da MLKB sortuz geroztik. 2008an lehendakariorde hautatu zuen Biltzar Nagusiak, baina lehenago idazkari Asteasuko ahaldun izana da. Asteasun jaio zen 1968an eta gaur egun ere bertan bizi da. Gizarte Laguntzaile ikasketak burutu zituen.

Idazkaria

Aitor Amutxastegi Santo Tomas Zuzendaritza Batzordeko kide da 2001. urteaz geroztik eta idazkari izan aurretik Andoaingo ahaldun izan zen hainbat urtez. Andoainen jaioa 1959. urtean, bertan bizi da eta, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundean (HABE) ari da lanean.

Gaztetatik, Andoaingo Lizar-Makil dantza taldean aritu zen eta ondoren Donostiako Goizaldi dantza taldera joan zen. Eskarmentu handikoa hainbat kultur ekimenetan, Andoainen beti ibili izan da kultur mugimenduan, orain Larramendi Bazkunean. Ikusentzuneko ekimen eta baliabideetan aditua da.

Andoaingo Txirrindulari Eskolako kide 1984. urteaz geroztik, sortu eta gutxira sartu zen txirrindularitza elkartean, eta azken urteetan zuzendaritza taldean ere badabil.

Diruzaina

Miren Erkizia Itoitz diruzain da 2009. urteaz geroztik. Andoainen jaioa 1953. urtean Andoaingo Berrozpe eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak.

Andoaingo ahalduna

Bakartxo Iguaran Garmendia Andoaingo ahaldun da 2008az geroztik. Andoainen jaio zen.

Andoaingo ahaldunordea

Urnietako ahalduna

Amasa-Villabonako ahalduna

Zizurkilgo ahalduna

Asteasuko ahalduna

Adunako ahalduna

Larraulgo ahalduna

111 Akademiaburua

Ohorezko lehendakaria

spacer

Jarduteko eremua

Bere jarduera eremua hirutan banatua du Larramendi Bazkunak, bere araudiaren arabera Euskal Herria baita jardun-eremu nagusia:

Beterri

spacer

Beterri eskualdea, zeinean bereizten dituen Beterri-Aiztondoko aldea eta Beterri-Buruntza. Beterri-Aiztondon, Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraul udalerriak biltzen ditu, hain zuzen ere Beterriren muga den Ernio mendiaren magaletik Andoainera bitarteko herriak (Aiztondo eta Aitzondo). Beterri-Buruntzan, berriz, Andoain eta Urnieta udalerriak biltzen ditu. Hemen ere Andoain? –galdetuko diozu zeure buruari–: bai, Andoainek bi alde horietarako joera banatua izan baitu, Aiztondo aldera baina baita Urnieta edo Buruntza aldeko beste herrietara ere. Beterri eskualdean bere jarduerak bitara antolatu ohi ditu Larramendi Bazkunak: eskualde osoari zuzendutako ekimenak antolatuz –Aiurri argitalpenak, esate baterako, edo Beterri-Aiztondo Gerora Bidean izeneko egitarauan sarturikoak– edo herriz herriz, herri bakoitzean ekimen berariazkoak antolatuz: Andoaingo gudua, Lumane argitalpena Amasa-Villabonan, etab.

Gipuzkoa

spacer

Gipuzkoa osoari begira badu hainbat ekimenik Larramendi Bazkunak: Euskal Herian Barrena izeneko egitaraua, esate baterako, edota Kulturen Arragoa izenekoa Euskal Herriari dagokionez, ezen azken hau nazioarteko elkartrukaketa eta lankidetzako ekimena baita.

Euskal Herria

spacer

Euskal Herri osoari begira gauzatu dituen edo gauzatze bidean dituen ekimenak ere badira. Ezagunena, agian, 111 Akademia izenekoa da –ikus www.111akademia.com–, baina hori ditu ere Rikardo Arregi Aldizkaritegia edo Gure Amaren Etxea izenekoa.

Manuel Larramendi Kultur Bazkuna


Zizurkil

  • Bulandegi bidea, 23-behea. Karidade-enea. 20150
    943 696 450 / eragile2@larramendi.org

Andoain

  • Dr. Huizi kalea, 15-1. 20140. 943 300 733 / bazkuna@larramendi.org
  • Arantzibia plaza, 4/5-behea. 20140. 943 300 732 / andoain@aiurri.com

Urnieta

  • Errekalde kalea, 14, atzealdea-behea. 20130
    943 331 455 / eragile1@larramendi.org

AURKEZPENA

  • Erakundea
  • Gizona
  • Non gauden
  • Arantzibia egoitza

HERRIAK

  • Andoain
  • Urnieta
  • Asteasu
  • Amasa-Villabona
  • Larraul
  • Aduna
  • Zizurkil

JARDUERAK

  • 111 Akademia
  • Euskal Herrian Barrena
  • Kulturen Arragoa
  • Ikerlan Saria
  • Argitalpenak
  • Rikardo Arregi aldizkaritegia
spacer spacer spacer
gipoco.com is neither affiliated with the authors of this page nor responsible for its contents. This is a safe-cache copy of the original web site.