spacer

Berbaro taldea

Plateruena

spacer Gure bazkideentzako bilgunea behar genuela eta finantziazio iturri modura sortu genuen Berbaro taberna. 1994an jarri genuen martxan eta bertan jasotako experientziak salto itzel bat ematera eraman gintuen, 2004an Plateruena Kafe Antzokia zabaldu genuen jendearen laguntza eta ekarpen askorekin.

Gaur egun, Plateruena ez da gure finantziazio iturria, baina bai gure bilgune eta gure kultura eta hizkuntzaren kabia. Antzokiak 30 langile ditu, munduko musikariek Estatuan zehar egiten dituzten biretan kontuan hartzen dute, urtean 30.000 pertsonak ordaintzen dute sarrera eta 16.800 menu ematen ditu urtean.

Durangoaldeko elkarte eta talde ezberdinentzako erabilgarria den gune herritarra da, beraien ekintzak gauzatu ahal izateko

Aisialdigunea eta kulturgunea ere bada. Askotariko aisialdi eskaintza ziurtatzen du astegunetan zein asteburuetan, gazteenetatik hasita edadetuenetaraino, adin guztietako jendearentzat. Umeentzako ludoteka dauka zabalik egunero eta gure eskualdeko zein Euskal Herri osoko erakundeentzako gunea da jaialdiak, aurkezpenak edo ekitaldiak antolatzerako orduan.

Plateruena euskalgunea da. Euskararen aldekoa baino gehiago, euskaraz behar egiten duena eta euskarazko eskaintza duena ardatz nagusi. Gune euskalduna eta integratzailea da, erdaldunei ere bere ateak eta euskararen bidea zabalik dizkiena.


 

Anboto

spacer 1993an, Durangalderako euskarazko astekari bat sortzeko lehenengo urratsak eman genituen. Loteria eta egutegiak saltzen, txosnak jartzen… Eta azkenik kuota ere ezarri genuen. Horrela jaio zen Eraz aldizkaria. Hasiera hartan 40 bat lagun ibiliko zen laguntzaile, batean edo bestean lanean.

Baina Eraz ez zen nahikoa. Aldizkaria 3.000 etxetara heltzen zen, hortaz 9.000 irakurle inguru zituen, baina Durangaldean 30.000 bat lagun ziren euskaraz irakurtzeko gai zirenak. Beraz, zer egin haiengana guztiengana heltzeko? Gastuak gutxitzeko, eskualdeko aldizkariak batu eta, besteak beste, inprentatik errotatibarako aldaketa egin zuten. Ideia horrekin, Durangaldeko gainerako euskara elkarteekin batera, astekari berria argitaratzen hasi ginen 2000. urtean: Anboto aldizkaria.

Astekariaren helburuak hauek dira:

-         Durangaldeko informazioa euskaraz ezagutzera ematea.

-         Durangaldeko herritar, elkarte, talde eta eragileen parte-hartzea bultzatzea.

-         Eskualdeko euskararen erabilera indartzea.

-         Durangaldeko herrien topaleku izatea.

-         Aurretik aukerarik izan ez dutenak, euskaraz alfabetatzen lagundu

Gaur egun, Anboto astekaria 8.000 etxetara heltzen da, 24.000 irakurle ditu.


 

di-da Komunikakzioa

spacer 1991n Berbarok BIT itzulpen zerbitzua sortu zuen. Eskaera biri erantzuteko sortu zen. Batetik, euskara gehiago erabiltzeko borondatea zuten dendari eta elkarteetako kideak euskaraz idazteko gaitasunik izan ez eta doako itzulpenak egiten zitzaizkien. Bestetik, itzulpen horiek egiteko prest zegoen jendeari lanbidea eskaintzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Honen ondorioz, itzulpengintzan egindako lana dela eta, Berbarok harreman handia egin zuen sortu berria zen Sormen diseinu enpresarekin.

Argi genuen euskaraz funtzionatzen duten enpresak hizkuntza ohiturak sortzeko gai direla. Halaber, bagenekien itzulpengintza eta diseinua batuko zituen enpresa bat elkartearen inguruan izateak Berbaroren egitura sendotzen lagunduko zuela. Hortaz, 2000. urtean beste proiektu bati heldu genion: di-da Kooperatiba Elkartea.

Gaur egun, di-da Koop. Elkartea, komunikazioa bere zabalean lantzen duen enpresa da.

Bi lan-arlo jorratzen ditu nagusiki:

• Diseinu grafikoa eta publizitatea

• Hizkuntz zerbitzuak: testuen itzulpena eta marketing linguistikoa

Bederatzi lagunek lan egiten dute bertan, kanpaina garrantzitsuen egilea da (azken hiru Korrikak eta Ibilaldiak, hainbat proiektu Topagunearentzat, 2007ko Bizkaiko Bertsolarien Txapelketa..), euskaraz funtzionatzen du, euskaraz lan egiten du eta langileak euskalduntzen laguntzen du.


 

Txokoa

1995ean tabernaren goiko pisuan gure bazkideentzako txokoa zabaldu genuen.
Bertan bazkari-afariak egin eta batzuetan ekitaldiak ere antolatzen genituen.


spacer


gipoco.com is neither affiliated with the authors of this page nor responsible for its contents. This is a safe-cache copy of the original web site.