‘Los juegos del hambre’ Ez, ez eta ez

2012/05/09

Azkenengo asteetako estreinaldia izan da; ikusi duen jende guztiari gustatu zaio; liburuak oso onak omen dira; aktore berriak izugarri daude… Horrelako esaldiak entzuten ditudan bakoitzean beldurra sentitzen dut zinera sartu aurretik. Beti gertatzen zait eta ingurukoei beti esaten diet, ez dakit ba idea ona izango ote den filma ikustea. Oraingoan ere berdin sartu nintzen aretora, eta beste behin ere berdina gertatu zitzaidan: ez, ez eta ez! ‘Los juegos del Hambre’ ez zait gustatu, ez dut negarrik egin, sentimendurik ez duen pertsona ote naiz?

Liburuak zine aretoetara eramatea ez da erraza, hori argi dago. Liburua irakurri baduzu, beti eskazen diozu gehiago filmari, detaileak botatzen dituzu faltan eta horrek askotan filmak izugarri luzatzen ditu. Oraingoan ez dut libururik irakurri eta detaileak soberan zeuden nire ustez. Gauzak luzatuta eta beste gauza batzuk samur (nahita egin omen dute, odol larregi ez zuten nahi kritika honen arabera). Nik ez dakit zer izan den, baina asko izan dut soberan eta asko faltan.

Gizarteak gerra eta gero bizi ditzakeen egoerarik gogorrenak erakutsi ditzake filma honek. Goi mailako eta behe mailako gizartearen artean dauden alde nabarmenak azpimarratu ditzake, baina guztietan gelditzen da motz, nire ustez. Pertsonaiak ez ditut nire egin, ez didate penarik eman (eta hori gabe ezin ba negarrik egin). Bizitza krudela dela adierazi nahi da, nerabeak euren artean borrokan jartzen ditu, baina ez da biolentziarik apenas ikusten.

Lagun batek liburua irakurtzen negar egin omen zuen; beste batek filma oso pasatu omen zuen negarrez. Horrelakoak ere ez zaizkit ba larregi gustatzen, baina beste behin ere ez dut negar tantarik bota. Gero eta argiago daukat, arazoa daukat nik zinean emozionatzeko…

Onartu beharra dut, hala ere, film honek espero ez nuen zerbait lortu duela: hurrengo liburua irakurtzeko gogoa sortu du nigan, baina egia esan ez dakit ba? Norbaitek irakurri du? Merezi du? Erakusten du gizarte horrek behar duen aldaketa?

Sailkatuta: Sin categoría, Zinea | Komentariorik ez »

Maite dut Marylin

2012/03/30

Zineman aukerarik ez eta etxean ikusi behar izan dut ‘Mi semana con Marylin’. Azkenengo asteetan karteldegiaren parean egon naizen bakoitzean beste filma baten aldeko autua egin dut, eta baita hanka sartu ere. Filma honetan Marylin Monroek egindako filmeetatik gogokoen dudanetako baten filmazioa erakutsiko dute: “the prince and the showgirl”.
Filma hau estreinatu aurretik, askok jarri zuten Michelle Willimas aktorearen aukeraketa kolokan, baina estreinatu eta berehala Williams-en lana da gehien goraipatu dena. Nik be beldur hori nuen, eta egia esan, hasieran kostata ikusten nuen Marylin Williams-en gorputzean. Baina filma honetan Monroe izarra baino Monroe pertsona erakutsi nahi da, berarekin lanean astebetez ibili zen gazte baten begiak erabilita.
Monroe gertuko egiten du filmak; kritika askotan filma ez dela ona irakurri dut, baina beste behin ez nago ados kritikoek esaten dutenarekin. Williams azkenean Monroe moduan ikusteak, Marylin-en bizitza gorrotagarria zela ikusteak (baina ez zegoen guzti hori lagatzeko prest) eta Judi Dench-ek egiten duen paper txikiarekin bakarrik, merezi du filma hau ikusteak.
Hogei urte inguru baino ez dituen goi mailako britaniar batek bizitako esperientzia erakusten digu ‘mi semana con Marylin’ filmak. Familiak nahi duena alde batera laga, sir Lawrence Olivier handiarekin duen harremana aprobetxatu eta espero ez duen ezustekoa biziko du: Marylin Monroe ezagutuko du eta gainera harreman zuzena izango dute.
Izarraren bizitza, inguruko interesak, Monroek dituen arazoak… guztiei egingo dio errepasoa filmak. Beharbada arinegi egin du, baina Marylin berriro ere ‘bizirik’ ikusteak merezi du. Williams-en aldaketa izugarria da, izarra baino pertsona erakusten duenean bereziki, baina izugarria. Eta filmaren amaieran Williams-i egindako argazki erreportaia txalotzekoa, ala amaieran agertzen dena benetako Marylin da?

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

Intocable, Frantzian dirutza egin duen komedia erraza

2012/03/30

Krisi garaian aberatsen bizitzak ordu asko betetzen ditu telebista eta zineman. Euren bizitza ikusgarria dela eta, erakargarria izaten omen da gizartearendako. Hor kokatu daitezke ‘Gossip girl’, ‘Revenge’ eta bestelako telesailen arrakasta. Azken urte bietan izandako zabalkundea izugarria da. Orain, gehitu horri tetraplejikoa den milloiduna eta bizitza bakarra dela erakutsiko dion beltzarana. Jakina, gazte beltza ez dute gogoko milioidunaren inguruan, baina hain da barregarria… Hor dago Frantziako azkenengo hilabeteetan 115 milioi eurotik gora lortu dituen filmaren nundik norakoa.
Trailerra ikusita ikusteko gogoa sartu zitzaigun, egia esan. Niri orain urte batzuk Jack Nicholson eta Morgan Freeman-en egindako ‘ahora o nunca’ filma etorri zitzaidan burura orduan eta ikusteko gogoa nuen.
Eta barre asko egin nuen ‘Intocable’ ikusten, larregi beharbada. Larregi? beti ez gara ba joango zinemara negar egitera…
Horrela ba, baina barrea larregi eragin zutela esango nuke, komedia errazegia izan da. Pertsonaiek joko gehiago izango zutela pentsatzen nuen eta arinegi lantzen dute pertsonaiek barrenean dutena. Horretan erraz irabazi dio Nicholson-Freeman tandem-ak.
Hala ere, egun ‘tontoa’ baduzue, umorez justo samar bazabiltzate, ez izan zalantzarik, ‘Intocable’ aukera ona da.

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

Hugo, Scorseseren azkenengo harribitxia

2012/03/12

Gogoz kontra sartu eta pozarren atera nintzen joan den larunbatean zine aretotik. Scorseseren filmak kritika onak izan dituela banekien, baina 3D sistemak liluratuegin duela esan ei du pelikula hau egiterakoan eta behin baino gehiagotan esan dut 3D sistema ez dudala gogoko. Guzti horregatik ez nuen oso argi filma ikusi edo ez.
Sartzea erabakita, onartu beharra daukat, txundituta gelditu nintzen: Hugo filmaren lehenengo ordubetea gaur egun zineman kamara zelan erabili erakusten duen maisulana da. Eta gainera, Scorsesek azkenengo 20 minutuetan zinemari buruzko klase margistrala egiten du eta zinemaren historiako egile nagusienetako bati egiten dio ohore: George Melies-i, hain zuzen ere.
Ikusi beharreko filmen artean sartu beharko Hugo, eta aukera izanez gero, ziur asko merezi du 3D sisteman ikusteak. Lehenengo ordubete horretan behin baino gehiagotan pentsatu nuen 3D famosoan ikusteko gogoa nuela, eta harrituta nengoen hori pentsatzen nengoelako; kritikaren baten jartzen duen moduan, 3Daren erabilera zer nolakoa izan behar den erakutsi du Scorsesek oraingoan.
Bigarren zatiari dagokionean, filmaren asmoa George Melies-en eta hasierako zinearen (Lumiere anaiak…) goraipatzea da eta horretarako Asa Butterfield umea erabiliko du, baita Ben Kingsley handia ere. Asa Buttelfield gazteari buruz gauza bakarra: begirada horrek jokoa emango du zineman (ume honen begirada ere azpimarratu genuen “pijama marradunaz jantzitako mutikoa” liburu ezagunaren filma ikusi genuenean).
Laburbilduz, estetika izugarria duen filma oso polita lehenengo ordubetean eta zinearen hastapenei errepasoa bigarrenean. Beste behin ere Scorsesek gauza berezia egin du. Ez daukat zertan esan beharrik ezta? Filma hau ikusi egin behar da eta zinema aretoetan, gainera, aukeran 3Dan.

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

‘Chronicle’: gutxienekoa superheroien kontua

2012/03/05

Ezusteko handia izan da ‘Chronicle’ filma; trailerra ikusita, superheroien ezohiko filma ikusiko genuela espero nuen, baina aho zabalik laga ninduen. Gustatzeko aukera asko zuen (onartu beharra daukat, superheroi eta abarren filmak asko gustatzen zaizkit), baina telekinesia, hegan egiteko gaitasuna eta abar gutxienekoa dira filma honetan.
‘Bizitza izugarri gogorra duen nerabe batek, bere lehengusuak eta institutuko mutil ezagunenak “zerbait” aurkituko dute eta ondorioz superbotereak jasoko dituzte: telekinesia, hegan egiteko gaitasuna, indarra eta abar luzea’.
Aitak jo egiten du, ama hilzorian du, institutuan ez dute gogoko… bizitza oso gogorra bizi du Andrew-k. Horrelako mutil bati botereak emanez gero zer gertatu daiteke? Filma ikusi eta gero, lagun batekin errepasoa egin genion filmari eta galdera hau etorri zitzaigun burura: ‘nik botereak izanez gero derrepente, zer gertatuko litzateke?’… Horrek eta beste batzuk erantzuten dituzte filman.
Baina, esan dudan moduan bereziki gustatu zait Josh Trank zuzendariaren lehenengo pelikula hau. Nerabezaroa zein gogorra izan daitekeen modu ezinhobean adierazteaz gain, filma egituratzeko modua gustatu zait. Aktore nagusiak (Dane DeHaan) bideokamara baten bitartez kontatuko digu istorio guztia eta ‘Chronicle’ aurrera joan ahala protagonistaren kamara ez denez nahikoa izango, beste aukera bat ere erabiliko du, baina ez dut aurreratuko, bereziki gustatu zait eta erabilera hori.
Kritika oso onak irakurri ditut orokorrean, Alex de la Iglesia berak twitter-en inoiz ikusi duen supeheroi filmarik onena dela esan zuen. Badago hasiera luzeegia dela esaten duenik; niretzako behintzat, ezusteko ederra, merezi du ikusteak. Ez da X-men, Superman edo Batman; gutxienekoa botereak, ez du 3D erabiltzen, baina begirada filmatik kendu ezina izan nintzen. Hau da hau!

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

Coronado gogorra (No habrá paz para los malvados)

2012/02/28

Goya sarietan nagusi izan da ‘No habrá paz para los malvados’ filma. Enrique Urbizu Bilboko zuzendariak egindako azkenengoa, azken urteetan bere aldamenean izan duen Jose Coronado protagonista moduan.
Urbizuren zineak gogorra izateko ospea du, eta ‘No habrá paz…’ gogorra ez dakit, baina gordina dela esango nuke. Gustokoa; eta berriro ere musika, hobe esanda, musika eza azpimarratuko dut. Hasiera hasieran, Coronadok musika barik duen eszena luzea izugarria da, ondorioz Coronadoren begiak baino ez dituzu ikusten eta adierazten duten indarra izugarria da; beldurtuta eta musika erabili barik, oso ona azken aldian gero eta gehiago erabiltzen den aukera hau.
Coronadoren lana goraipatzen eman dute zine kritikariek azkenengo sei hilabetekoa; nik Coronado ‘berria’ Urbizuren beste pelikula azpimarratuko nuke: ‘La caja 507′. Urteetan Espainiako sex symbola zena, gaizto bihurtuta.
Ez dakit beste kritiko batzuk zergatik ez duten azpimarratu, baina filma hau ikusita, Urbizuk beste errealitate bat ere erakutsi nahi du: poliziak ez du epailea ikerketan lagunduko, trabak ipini dizkio, berari horrela komeniz gero. Azpijoko zalea da Urbizu eta oraingoan ere azpijokoak alde guztietan agertzen dira. Epaile eta poliziak ere asko erabiltzen ditu Urbizuk. Errealitate hori azaleratu beharra dagoela pentsatuko du, eta ziur nago guztiok gaudela horrekin ados.
Zinetik lekuz kanpo atera nintzen; gustora, baina denbora pixka bat behar nuen ikusitakoa ulertzeko. Hainbat lagunekin aipatu eta gero, orain gauza bakarra azpimarratuko dut: aprobetxatu, Goya sariak direla eta, berriro dago filma hainbat zinema aretotan. Aprobetxatu eta ikusi!

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

Clooney-ren azkena ez zait gustatu (‘los descendientes’)

2012/02/27

Oscar sariak laister banatzear zeuden ‘los descendientes’ filma ikustera joan naizenean. ‘The artist’ ikusi eta gero Jean Dujardin-ek egindakoa gainditzea zaila ikusten nuen, baina horrenbeste entzun da azkenengo asteetan George Clooney-ren interpretazioa izugarria zela, joan beharko ba ikustera…
Beti esaten dut filmak zine areto handian ikusi behar direla, oraingoan sentitzen dut baina ezin hori esan. Jarraian irakurriko duzun guztia orain arte filma honen inguruan irakurri ditudan kritika guztien kontra doa, hau da: ez zait ‘los descendientes’ gustatu. Antena 3-en larunbat arratsaldeetan botatzen duten edozein filmarekin antzekotasunak asko iruditu zaizkit. Clooney izarra dela aprobetxatu eta pena erabiltzea nahi duen filma iruditu zait.
Clooney-ren interpretazioa ona da? bai, ona da. Pisu guztia dauka eta gizonak filman bizitako aldaketa adierazten du, baina lar goratu da bere lana, nire ustez.
Pelikulan Clooneyren emazteak istripua izan du eta koma egoeran gelditu da; Clooney-k lanak baino ez du izan buruan azkenengo hamar urteetan eta bere bi alabekin ez du ia harremanik. Gainera, emakumeak amorantea ere duela jakingo du; Clooney gaixoa…
Gizonezkoak izan dezakeen katarsia maisuki landuta dagoela irakurriko duzue bestelako kritiketan, beharbada bai, nik Clooneyren alaba biekin egindako barreak baino ez ditut izango gogoan ‘los descendientes’ filma gogoratzerakoan.

Oscar sariak atzo banatu zituzten eta Clooney-k ez zuen saria lortu, eta bai Dujardin-ek.

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

the artist

2012/02/20

Amaieratik hasiko naiz gaurkoan: ‘the artist’ zinean ikusi beharreko filma da. Eta merezi du gainera.

Gogo askorik barik sartu nintzen Principe Antzokira; askotan gertatzen zait ustez hain ona den filma bat ikusi beharra dagoela dakizunean. Orokorrean ez ditut irakurtzen filma kritikak ikusi arte; ondoren ahalik eta gehien irakurtzen saiatzen naiz, baina oraingoan zaila zen pelikula honen inguruko informaziorik ez edukitzea. Trailerra ikusita nuen eta gustoko bere estetika, baina jaso dituen sari guztiak, twitter eta online irakurritako gauzek oso ondo jartzen zuten pelikula… Eta orain? Zer? Ikusiko dugu? Larregi esperoko dugu? Egia esan, espero baino gehiago gustatu zitzaidan eta espero nuena asko zen.

Txuribeltzean eta mutua da filma. Pelikula mutuen HollywoodLAND-eko izar handiaren istorioa. Honen beherakada eta izar berri baten gorakada. Istorioa ez da berria, baina mutua izatea, zuribeltzean izatea, jakina bazen ere, ezusteko ederra.

Ikusteko hainbat arrazoi: 20. eta 40. hamarkada gustoko duen edonork ikusi beharko luke filmea, maila gorenean adierazten du orduko estetika. Egoera eta aldaketen aurrean zalantza asko izaten duen orok ikusi beharko luke filma, zalantza gutxiago izango du eta aurrerantzean. Musika gogoko baduzu, BSO zalea bazara eta musika sinfonikoa atsegin baduzu, hau da zure filma.

Ezagunak egin dira aktore protagonistak (Jean Dujardin eta Bérénice Bejo), hala ere, ni oraingoan ere bigarren mailako aktoreetako birekin geldituko naiz: James Cromwell; egiten duen interpretazioa izugarria da (betiko moduan bestalde). Eta Penelope Ann Miller; ezer esan gabe (eta ez diot pelikula mutua delako bakarrik, esaldi bakarra esaten duelako baizik) aurpegiak guztia adierazten du.

Zinera gutxi joateko ohitura baldin baduzue, urtero filma bat baino ikusteko asmorik baino ez baduzu, hau aukeratzea izan daiteke ona. Ez da luzea egiten, gaur eguneko zinemagintzatik urruti dago eta musikak duen indarra ikusiko duzu. Zuzendariak eta bereziki produktoreek filma honekin egindakoa handia da. Inork oiñ urte bi zuribeltzezko filma mutu batek horrelakoa sortuko lukeela esanez gero, zoratuta zegoela esango genuke. Eskerrak noizbehinka horrelako zoroaldiak egiten dituzten hainbat zinemagilek.

 

 

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

Underworld 4: Awakening

2012/02/15

Hotza, hotz handia egiten zuen asteburuan Euskal Herrian. Zinera joateko aukera ezin hobea. Krispeta edo palomitak erosi eta filma aukeratu: nik “palomita moment” deitzen dotenerako aukeraketa ona egin genuan gainera; “undeworld 4″.
Izenak berak esaten duen moduan, laugarren filma da; banpiro eta likantropoen arteko borrokak erakusten dituen filma, hain zuzen ere. Modan daude azken aldian banpiroak, nahiz eta ez diren gure gazte denboratako “el baile de los vampiros” edo Bram Stoker-en “Dracula” filmekoak modukoak.
Underworld sagako banpiroek, haginak baino, armak erabiltzen dituzte gehiago; likantropoak, berriz, bai dira betiko otso-gizonak.
Akziodun filma da, oso entretenigarria. Underworld 1 eta 2ren jarraipena (hirugarrenak atzera begirada egin zuen eta egia esan ez zen hain interesgarria edo animatua izan).
Oraingoan, Kate Beckinsale bueltatzen da; Selene-n pertsonaiak egin du ezagun seguru asko Beckinsale. Underworld 2 egin eta gero, bazirudien ez zuela nahi pertsonaiarekin jarraitzerik, baina bueltatu egin da… Eta bigarren horren jarraipena da: gizakiek banpiroak eta likantropoak daudela ikusita, horien kontrako gerra hasi dute. Selene harrapatu eta izoztu egin dute. Hainbat urte izoztuta egon eta gero, esnatu egingo da…
Akzio asko, tiro hotsak, sorpresa txikiren bat eta amaiera erdi irekia. Lehenengo filma ikusi nuenean, 2003an, ez zitzaidan larregi gustatu (haginka egiten ez duen banpiroa ez da banpiro), baina akziodunen filmetan sartuta, oraingoan ondo pasatu dut. Gainera, Barakaldoko zine areto handi batean ikusita, musika topera, adrenalina sustatzeko aukera ezin hobea izan zen. Ordu eta erdi ondo pasatzeko aukera ona.

Sailkatuta: Zinea | Komentariorik ez »

‘Another year’

2012/02/07

Trailerra Donostian ikusita, gogoz joan gara ‘Another year’ pelikula ikustera. Mike Leigh da zuzendaria eta bere aurreko lanetako bat, ‘Vera Drake’, asko gustatu zitzaidan. Asteburuko eguraldi txarra dela eta, Eibarren ikustea tokatzen zen, ‘Coliseo’ antzokiko zine gela txikietako baten. Eta horrek beti du eragina, ‘Coliseoak’ beti du eragina, baina hori amaierarako lagako dugu.
Mike Leigh-ek modu gogorrean landu du 55 urtetik gorako ingelesen bizitza. Nik gogor esango dut, beraz, ‘depresioak jota bazaude ez ikusi pelikula hau’. 60 urtetik gora badituzu eta bikoterik ez baduzu, ez ikusi pelikula hau; zuk egindako hautuaz ziur ez bazaude behintzat.
Filma gogor hasten da, Imelda Stanton-ek pilulak behar ditu lo egiteko eta sendagilearengana doa. Stanton-en begiek duten indarra argi gelditzen da berriro ere. Horrela hasita, filma gogorra izango dela argi geldituko da; Hala ere, Stanton ikustea beti da gozagarria. Hor lehenengo sorpresa txarra: hasierako zatitxo horretan baino ez dugu ikusiko aktorea.
Eta jarraian, hirurogei urte inguru dituen bikotea, semea etxetik kanpo bizi da, bakoitzak bere lana du, gustokoa gainera eta pozik bizi dira. Horrekin batera lagun bi eta euretako baten anaia. Pertsonaia depresiboak, beti edateko prest. Eta edatearekin batera, euren barrenak soltatzeko erreztasuna duten lagunak. Edozein momentutan etxera etortzen diren horietakoak, euren bizitza txarra dela erakusten duten lagunak.
Asko gustatu zitzaidan pelikula egiteko modua. Isiltasuna zeinen gogorra izan daitekeen behin baino gehiagotan ikusi dugu zinean; baita oraingoan ere. Baina oraingoan pertsonaiak ez zaizkit sinesgarriak egin. Larregizkoak iruditu zaizkit; ez dago hirugarren adinera ailegatzerik, bikote barik, eta pozik bizitzerik? Ezkondutako bikotea eta maitemindu berri diren gazteak kenduta, danak triste? Larregizkoa, depresioak jotzeko arriskutsua. Trailerra ikusi genuenean, filma gazi-gozoa iruditu zitzaigun, tristea, baina barre batzuk ere egitekoa. Baina filma ikusterakoan tristura baino ez nuen sentitu. Asko gainera. Ez diñot horrelakoak ezkutatu behar direnik, baina trailerra ikusita, sorpresa handia izan zen, larregizkoa.
Eta gero Coliseoaren kontua. Ordu bi pasatxo antzokiko bigarren zine areto txikian. Edozein ipurdirako oso gogorra, bai ipurdi txiki bai ipurdi handiendako. Ez zait larregi gustatzen Coliseoa kritikatzea, hori baita dugun bakarra herrian. Baina horrelakoetan konturatzen naiz zergatik dudan Donostiara joateko ohitura.
Ordu bi pasatxo eman genituen bertan: atzekoren batek egindako zurrunga, aldameneko aretoko atea zabaltzen zenean sartzen zen musika… denetik izan genuen. Hau dana esanda, ez zen filma aukeraketa egokiena izan. Baina badakizue, nik beti esaten dut hobe filma zinean, etxean baino. Oraingoan baina, zuk edo ingurukoak depresioa bueltaka izanez gero, kontuz.

Sailkatuta: Eibar, Zinea | Komentariorik ez »

« Aurreko sarrerak
gipoco.com is neither affiliated with the authors of this page nor responsible for its contents. This is a safe-cache copy of the original web site.